GEOLOGIA

    Gipuzkoan ez dago eskalada handiak egiteko moduko pareta ikusgarririk. Alabaina, inguruko lurraldeekin konparatzen badugu, gure zaletasunaz gozatu ahal izateko hainbat eskola txiki dago, askotariko litologia edo harri mota dutenak: nonahiko hare harritatik hasita granito eskaseraino, konglomeratu bitxietatik pasatuz.

    Iberiar Penintsulako zatirik handienean bezala, Gipuzkoan kare harrizko paretak dira nagusi. Kare harria lurralde guztian dago presente, nahiz eta ohikoagoa den hegoaldean. Kare harrizko formazio hauek aldi berekoak ez izan arren eta konposizio kimiko ezberdina izan arren, eskalada eskola guztiak Konplexu Urgondiar (duela 110 eta 100 milioi urte artean) deritzan arrezife kare harriz osatuak daude. Tonu zurixka eta lodiera handiko kare harri hauek Gipuzkoako erliebe bikainenak osatzen dituzte eta baita Bizkaia eta Arabakoak ere.

    Kretaziko aldiko Konplexu Urgondar horretan daude Araotz, Kortakogain, Gazteluaitz, Astroki, Aizorrotz, Txindoki, Zazpi Iturri, Auza Gaztelu, Jentilbaratza, Azpeitiko harrobia eta Santa Barbara eskolak.

    Hegoaldetik hasita, Aizkorriko mendilerroa dago, Aratzetik Kurtzeberriraino doana, tolestura antiklinal handi batze osatua: Araotz eta Kortakogaineko eskola modernoak Orkatzategiko aldapa ezagunaren aurrean daude. Aldapa oso bertikaleko aurrealdea duen egitura honek, Urkulu errekaren erosioa eta honek egindako zuloarekin batera, irtenarazi ditu. Gazteluaitzeko harkaitzak, Haitzorrotzeko eskola ere inguruko harearri eta limoliten erosioaren eraginez gailendu diren haitzez osatua dago.

    Aralarko mendizerraren eskolen artean Txindoki azpimarra daiteke. Gipuzkoako erlieberik ikusgarri eta kontenplatuenekoa da, bere inguruko materialen erosioak nabarmenarazi dutena, Zazpi Iturriko horratzak, Muitzeko sakanaren gainean, eta Auza Gaztelu bezala. Jentilbaratza, Aralarreko antiklinalaren mendebaldeko ertzean kokatua, domo baten adibide ederra da. Bi tolestura narabideren elkarguneak erliebean geruzak altxatu dituen kupula itxurako konkorra egin du. Ondoren, erosioaren eraginez, eskalada tokiak dauden kare harri urgondarrak agerian geratu dira, gailurreria ederra osatuz.

    Mazizo garrantzitsu hauez gain beste bi eskola daude Behe Kretaziko kare harri urgondar baliatzen dituztenak. Bata Azpeitiko harrobia da, Erloren antiklinalaren hegoaldean dagoena. Mazizo honen goi aldean kare harriaren azaleratzea badago ere, apenas dagoen irtenune handirik. Horregatik erabiltzen ditu eskolak harri erauzketak sorrarazitako kare harri oneko pareta hauek. Bestea Santa Barbarako eskola ezaguna da. IE-HM narabidean doan harrizko tolestura alderantzikatu baten gainean agertzen da.

    Beste talde baten San Markoeko eskola legoke; besteak bezala Behe Kretaziko kare harriz osatua egon arren, Errenteriako harrobi ezagun honetako kare harriak pixka bat beranduagokoak dira (duela 105 eta 100 milioi urte artean).

    Kostan ugari ageri diren hareharrizko itsaslabarrak eskalatzeko ohiko tokia izn dira. Entrenatzeko bloke gisa erabiltzen diren altura txikiko makina bat arroka isolatuz gain, Joxemite, Igeldo, Arrantzaleak eta Txakur Txiki eskolak azpimarra daitezke. Eozenoko (duela 65 eta 37 milioi urte artean) harearrizko geruzak dira. Kostako erliebe monoklinaleko geruzek malda handia hartzen duten lekutan, geruzapen planoaren beraren gainean60 metro arterainoko eskalada apartak egin daitezke. Joxemite, Arrantzaleak edo Igeldoko kasuak dira hornelakoak. Jaizkibelen, ordea, geruzak oso etzanak daude, horregatik Txakur Txikiko eskolak hareharrizko geruza handi baten zeharkako ebaketa bat erabiltzen du.

    Kopakoarri, Aritxulegi eta Aiako Harriko eskoletan granitoan eskalatzeko pribilegioaz goza dezakegu. Nafarroa eta Gipuzkoako mugen artean dagoen Aiako Harria Euskal Herri osoko granito-harrizko azaleratze bakarra da. Paleozoiko aldikoa izaki (duela 375 eta 280 milioi urte artean), Pirinioen Ardatz Axialaren parte da, zeina mendilerroaren bizkarrezura den. Izan ere, mazizo honen sorrera Pirinioen historia geologikoaren gertakari aipagarrienak errepikatzen dira. Bere arroka gogor, bikordun eta pitzatuak eskalada labur baina kalitaztekoak ahalbidetzen ditu.

    Eskola txikia izan arren, Pikoketako azaleratzeak konglomeratuen gaineko eskalada laburrak egitea ahalbideratzen du. Pereta Txiki hau Triasikoko (duela 280 eta 225 milioi urte artean) mikrokonglomeratuez osatua dago, beraz eskalatzaileek ezagutzen dituzten konglomeratu aurrepiriniarrak baino askoz zaharragoa da. Pikoketako pareta adin bereko hareharrizko pakete estu batek koroatzen du.

    Leitzaranen ere aldi bereko (Triasikoko) hareharriarekin tartekatzen diren konglomeratu banden gainean eskalatzen da.

    Halaber, koglomeratua azaleratzen da Arkalen. Behe-Kretazeoko (duela 140-110 milioi urte artean) silizioko konglomeratu eta mikrokonglomeratuak dira, Pikoketa eta Leitzaran baino berriagoak beraz.

Pablo Aldai
Euskal Autonomia Erkidegoaren MAPA GEOLOGIKOA 1/25.000